The Water Project- Erakusketak
Aurkezpena Programazioa Erakusketak

Ikasleen lanak

   


MARTXOA 2002: GETXO

Martxoan institutuan egin dugun aurkezpen orokorra izan da proiektuaren gailurra, momentu gorena guretzat.
Ikasle poloniarrak eta alemanak, zazpina, hiruna irakaslez lagunduta heldu ziren.
Harrera ofiziala egin zien institutuko zuzendaritzak Alemaniako eta Poloniako delegazioei: nesken harrera dantzak izan ziren lehenik txistua eta danbolinaren erritmopean eta, honen ostean, Kaxarranka, Lekeitioko dantza, dantza biak ere itsasoarekin (urarekin) zerikusia dutenak.

Harrera ofiziala egin zigun alkate jaunak ere udaletxean.


ERAKUSKETA AIXERROTAN

Gure bi ur eremu nagusiek eratzen zuten erakustokiaren eszenografia: alde batean "itsasoa" zegoen, harea eta guzti; bestean, "hezegunea", bere lezka eta zumeekin.
Aurkezpenaren inaugurazio ofizialean Nekane Agirre Hezkuntzako Sailburuordea eta Iñaki Zarraoa Getxoko Alkatea izan ziren, bai eta Pedro Otxoa Bizkaiko Hezkuntza Berrikuntzako Lurralde Burua, Conchi Bergera Europako Programetako arduraduna Gasteizen eta Berritzeguneetako eta Ikuskaritzako zenbait ordezkari ere, beste hainbat gonbidaturekin batera, fotografoak eta kazetariak tartean. Koldo Salterain zuzendariak esan zituen lehen hitzak eta gero Nekane Agirreren txanda izan zen. Partehartzaileak agurtu eta zoriondu ez ezik, era honetako Europako proiektuetan lanean sendo segitzeko animatu zituen. Eta hitzen ondoren, bere ohorez aurreskua dantzatu zen.
Honenbestez, lanen aurkezpenak, azalpenak ingelesez, eta ikasle eta irakasleen bisitak hasi ziren.


IKASLEEN DEBATEA: A UNITED EUROPE, WHAT FOR?

Ostiralerako bi ekitaldi zeuden antolatuta: bata serioa, ikasleen eztabaida saioa Europa batuaz, "A United Europe, What For?", "Europa batua, zertarako?"; bestea ludikoa, talde dantzak patioan, agur esateko.
Bibliotekako behearen gainean jesarri eta abiatu zen eztabaida. Hasiera emateko, han bilduta geundenon sei hizkuntzetan irakurri genuen leloa: "Geu gara Europaren etorkizuna". Frantsesez, alemanez, polonieraz, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Europaren aniztasunaren erakusgarri.
Ordezkaritzek sarreratxo bana egin zuten eta gero hango eta hemengo ikasleek hartu zuten hitza. Eztabaida mugatu xamarra -ikasle gutxik hartu zuten parte- sbaina ekitaldi polita azken batez. Argi genuen inportanteagoa zela eszenifikazioa bera, han esango ziren gauzak baino. Eta esan ziren gauza batzuk, entzunak eta ezagunak baditugu ere, pentsamendu ederrak dira eta are ederragoa gazteen ahoetan jarrita.
Europa batua zertarako? Erantzun asko eta iritzi desberdinak. Baina batean denok ados: nahi dugulako. Agian bateratzeko borondate hori da arrazoi indartsuena.
Eta amaitzeko, euskal talde dantzak patioan, baina alemanen, poloniarren eta frantsesen partehartze osoarekin, Gorputz Heziketako saio batean ikasitakoa praktikan jarriz.