|
Proiektuaren justifikazioa
Berrikuntza Sailetik eta Eskualdeko Berritzegunetik Esperimentazio Proiektua aukezteko abagunea genuela jakin genuenean, asmo hori irakasle guztiei jakinarazi genien. Proposamena aintzat hartu zen eta gure klaustroan interes handia piztu zen, nork bere sail didaktikotik ideiak eta ekarpenak aurkezteari ekin ziola. Proiektuaren ardatzak zehazten hasi zirenean Eskola Kontseiluan aurkeztu genuen, erakunde horren oniritzia jasoz.
Gure ustez, proiektua berritzailea izango bazen, honako ardatz hauen inguruan egituratu behar genuen:
- Proiektuak Aixerrotako ahalik eta ikasle eta irakasle gehien barne hartzea
- Ikastetxearen ildo eta izpirituarekin bat etortzea
- Hizkuntzen lanketa eta kalitatea hobetzeari begira jarria
- Genituen eta ditugun beste proiektu batzuk sendotu eta bultzatzeko tresna izatea
- Teknologia berriek ematen dituzten bitartekoez baliatzea
- Estamentuen arteko barne komunikaziorako tresna izatea
Proiektuaren ardatz nagusia: web-orria
PREMIA egitasmoak eskaintzen digun baliabide teknikoa aintzat harturik, egoki iritzi genion web-orri bat sortzeari, indar eta asmo guztien euskarri fisiko gisa. Horrela, hainbat teknikari, aholkulari eta enpresarekin kontsulta egindakoan, orri horren aurrediseinuari ekin zitzaion.
Beraz, honela defini genezake ardatza: azpiegitura informatikoaren
bitartez, baliabide didaktikoz hornitzen den WEB-ORRI pertsonalizatua
sortzea, sail didaktikoen programazioa, helburu eta didaktika baliabideekin
elikatua, eskoletan eta eskolatik kanpo bereziki ikasleek erabiltzeko
eta Hezkuntza Proiektuaren ildoarekin bat datorrena; aldi berean, ikasle-irakasle-gurasoei
informazioa eskuratzeko eta euren arteko komunikazio bideak jorratzeko
ere baliagarria da. Web-orri hori, aldi berean, Aixerrotako beste zenbait
proiektu zehatzetarako plataforma eta baliabide gertatzen da.
Aixerrota institutuaren web-orriaren helbidea hauxe da: www.aixerrotabhi.net
Helburu orokorrak
- Irakaskuntza biziagoa, azkarragoa eta bizi dugun garaiari egokituagoa lortzea
- Aniztasuna sustatzea, material didaktiko espezialdua eta egokitua eskaintzeko bitartekoak erabiliz
- Hizkuntzen irakaskuntzarako, eleaniztasunerako bideak jorratzea
- Ikastetxeak jadanik abian dituen esperientzia-proiektuei eite zabalagoa ematea
- Ikasle-guraso-irakasleen komunikazioa aregotzea sare telematikoan zehar
- Material didaktiko eta kontsultarako ugari ikasleen eta irakasleen esku jartzea modu erraz eta azkarrean
- Ikaslearen autonomia sustatzea
- Hezkuntza Proiektuan Aixerrotak finkatu dituen baloreak eta helburuak aintzat hartu eta jorratzea
Jarduera orokorrak eta plangintza web-orriaren ardatzaren inguruan
1. Koordinazio didaktikoa
Koordinatzaile didaktikoak (Jokin de Pedrok) egiten du. Honen
zereginak hauek dira:
- Proiektua bere osotasunean gidatu eta bultzatu
- Proiektuaren txosten bateratua idatziz prestatu
- Epeak markatu
- Metodologia proposatu eta ezarri
- Proiektu zehatzetako koordinazioa eraman
- Sail didaktikoetatik eta Zuzendaritzatik datozen ekarpen-materialen batasun eta koherentzia didaktikoa zaindu
- Ikasle eta gurasoekin zubi-lana egin
- Ebaluazio prozesua zuzendu
- Memoria egin
2. Koordinazio informatikoa
Koordinatzaile informatikoek egiten dute (Joserra Zenigaonaindiak
eta Juan Mari Landetak). Euren lan behinenak:
- Multimedia enpresako teknikoen aholkularitzarekin, irakasleei, Sail
buruei bereziki, laguntza ematen diete sailez sail euren material
didaktikoak sarean sartzeko eta erabiltzeko
- Irakasleei azaltzen diete zelan gauzatu material horien erabilera
- Oro har, aplikazio informatikoetan sor daitezkeen arazo guztien
konponketa bideratzea
3. Sail didaktikoaren barne koordinazioa
Sail buruaren lana da. Bere saileko material didaktikoen eta
bestelakoen produkzioaren eta koordinazioaren arduraduna da.
4. Koordinatzaileen prestakuntza
Multimedia enpresako teknikariek emandako ikastaroetan trebatuko
dira, kurtsoan zehar.
5. Irakasleen prestakuntza
Koordinatzaileek erabakitzen dute zer prestakuntza mota behar
duen irakasle, arduradun edo sail buru bakoitzak, atazen zailtasunak
ikusi ahala.
6. Sail didaktikoen arteko koordinazioa
Pedagogi Batzordean gauzatzen da, hamabostean behin, koordinatzaileek
zuzenduta.
7. Material didaktikoak sortu, sarean sartu eta
eguneratu
Sail buru bakoitzaren ardurapean dago. Sortutako materialak koordinatzaileei
eskuratzen dizkiete eta hauek webgunean sartzen dituzte.
8. Informazio orokorreko materialak sortu, eguneratu
Zuzendaritzaren ardurapean dago, koordinatzaileen laguntzarekin.
9. Programazioak moldatu
Kurrikulum Proiektua berritzeko asmoa dugunez, (Hezkuntza Proiektuaren hurrengo atala), sail guztietako programazioak moldatu eta egokitu egin beharko dira, adostu ditugun helburuekin bat etor daitezen. Lan horren ardura Sail buruarena izango da. Era berean, Ikertze eta Saiatze proiektuaren ardatza aintzat harturik (web-orria euskarri gisa erabiltzea), zenbait eduki lantzeko (sail bakoitzak ikusiko du zein eta zenbat) ahalegina egin beharko da web-orriak eskainiko dizkigun baliabideak erabiltzeko eta programazioan jasotzeko.
|